Lurraren memoriaren eskubideei buruzko adierazpena

LURRAREN MEMORIAREN ESKUBIDEEI BURUZKO NAZIOARTEKO ADIERAZPENA (DIGNE, FRANTZIA, 1991)

1. Giza bizitza bakartzat jotzen den bezalaxe, bada garaia Lurraren bakartasuna onartzeko.

2. Ama Lurrak eusten gaitu, hari loturik gaude, eta berak irudikatzen du, nolabait, gizakion beti-betiko batasuna.

3. Lurrak lau mila milioi urte ditu, eta biziaren sorlekua da. Aro geologikoetan zehar, asko izan dira Lurraren eboluzio luzea baldintzatu duten aldaketak, zeinek, ibilian-ibilian, gure gaur egungo ingurunea sortu baitute.

4. Banaezinak dira gure historia eta Lurrarena; haren jatorria eta historia gureekin lotuta daude, eta haren etorkizuna gure etorkizuna izango da.

5. Lurraren gainazala da gure ingurunea. Eta gaurko ingurune hori ez da iraganekoa, ezta etorkizunekoa ere. Lurraren kide gara orain, haren behin-behineko zaintzaileak.

6. Zuhaitz zaharrek beren bizitzaren erregistroa gordetzen duten bezala, Lurrak ere idatzia dauka bere iraganaren memoria, sakonean eta gainazalean, arroketan zein paisaian, eta erregistro-mota hori ere itzul daiteke.

7. Beharrezkoa da gure ondare kulturala, gizakion “memoria”, zaintzea. Era berean, iritsi da ondare naturala eta ingurune fisikoa babesteko garaia, Lurraren iragana gizakiona bezain garrantzitsua baita. Bada garaia ondare hori ezagutzeko eta arroketan eta paisaian idatzita gu iritsi aurreko garaien berri ematen digun liburua irakurtzen ikasteko.

8. Gizakiak eta Lurrak ondare komun bat osatzen dute. Gu eta gobernuak ondare horren zaintzaile baino ez gara. Gizaki guztiok ulertu behar dugu erasorik txikiena nahikoa dela edozer hondatzeko, desegiteko edo atzerakorik gabeko kalteak eragiteko. Ondare horren berezitasuna errespetatu behar lukete garapen-mota guztiek.

9. Gure Ondare Geologikoa Kontserbatzeko Nazioarteko I Kongresuan, 30 herrialdetako baino gehiagotako 100 adituk baino gehiagok parte hartuko dute, eta adituok eskatu diete herrialde guztietako agintariei zaindu dezatela berandu baino lehen gure Lurraren ondarea eta babestu dezatela, horretarako behar diren neurri legal, finantzario eta antolakuntzako guztiak hartuz.