Europako Natura 2000 Sarea
Jaizkibel-Uliaren oraina eta etorkizuna Europako Natura 2000 Sarean
Natura 2000 Sarea babestutako eremuen munduko sare handiena da, egun. Haren helburuek Europar Batasunaren naturaren babeserako politika garrantzitsuenak dituzte oinarri, “Habitatak” eta “Hegaztiak” zuzentarauak, hain zuzen.
Habitatak Zuzentarauaren helburu nagusienetako bat Natura 2000 Sareak espazio ekologikoen uztarri gisa duen koherentzia zaindu eta babestea da; izan ere, “bioaniztasun irla” bakanak baino, elkarren artean konektatuta dauden eta sare bat osatzen duten espazioen multzoa lortu nahi da, haien osotasuna eta koherentzia babestuko bada. Natura 2000 Sareak, hala, KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU (KBE) delakoak sortu ditu helburu horiek lortzeko.
Jaizkibel eta Ulia Natura 2000 Sareko KBE dira egun, baina zonaldearen osotasuna eta koherentziak hainbat ilungune edo hutsune ditu legeari dagokionean Europak garrantzizko iritzi dituen itsasoko biodibertsitatea eta geodibertsitatearen babesarekin lotutako gaietan.
Natura 2000 Sarea itsasoan, lehenesten duen helburua
Europar Batasunaren lehentasunezko helburuetako bat da Natura 2000 egitasmoaren barruan itsasoko guneen sarea osatzea; izan ere, biodibertsitatearen galera etengo litzateke horrela eta itsasoko baliabideen kontserbazio eta erabilera jasangarria sustatu. Jaizkibel-Ulian itsasoko hábitat eta Espezieak Babes Eremuetatik kanpora daude. Azken hauek itsasbeheraren kotara besterik ez dira heltzen, eta beraz, guztiz beharrezkoa da Natura 2000 Sarearen koherentzia ekologikoa mantentze aldera, itsasoa bera ere babestea.
Geodibertsitatea Jaizkibel-Uliako KBEren babes helburuetatik at
“42/2007 Legeak geodibertsitatea ondare naturala dela ezarri zuen eta hura babestea administrazio publikoari dagokiola. Horretarako, kontserbazio neurriak hartu behar dituztela xedatu zuen, geodibertsitatearen egoera zein den jakiteko erremintak eskuratuz. Eusko Jaurlaritzak baina, ez ditu oraindik erreminta horiek baliatu. Hala, geodibertsitatea Jaizkibel-Ulia KBEaren helburu eta neurrietatik kanpora dago, egun”.
Interes geologikoko puntua (IGP)
Tanbo, Grankanto, Galea eta Azabaratza inguruetan interes zientifiko eta kulturala duten puntu eta gune aniztasun handia dago. Hauek dituzte ezaugarri geologiko behinenak: chevron motako tolesdurak eta turbidita estratu handiak dituzten itsaslabarrak, flysch basalaren azaleratzeak, marearteko arrezife edo uharriak, Azabaratzako hareatzak, higaduren ondoriozko geoformak, paramoudrak, Akarregiko arroila, iknofosilak, etab. Aniztasun horrengatik, duten itsasoko eta lurreko geodibertsitate oparoagatik, uste dugu inguru horiek IGP gisa zerrendatu eta babestuta egon behar luketela. Egun, osatzen duten area ez dago Eusko Jaurlaritzaren IGPen zerrendan.