Zetazeoak
Aberastasun ikusgarri honek itsasoetako xurgatzaile eta harrapakari handiak erakartzen ditu: zetazeoak. Gure uretan 17 espezie bereizi dira; hauen artean izurde arrunta eta izurde handia kostatik gertu bizi dira -batzuetan Txingudiko eta Pasaiako badietan barneratzen dira sardinak, txipiroiak eta arrain txikiez elikatzera-. Izurde marradunen taldeak 500 kide ingurukoak izan daitezke. Euskal kostaldeko ur zabaletan bizi dira, baina elikagai dituzten arrain txiki sarden atzetik tarteka itsasbazterrera hurbiltzen dira.
Zere arruntaren gisako bale handiek ere ezponda ozeanikoan topatzen dute elikagaia. Migrazio luzeetan gure kostaldea zeharkatzen dute abiadura bizian eta, itsasoaren egoera lagun, hauek ikustatzeko aukera izaten da. Kostatik gertu, zere hegatszuriak, 9 metroko luzeerarekin balerik txikienetakoa denak, berdela edo tankerako arrainak jaten ditu. Gainera, batzuetan ezohiko bisitariekin partekatu behar izaten du bere eremua, dituen hegats handiengatik eta sortzen dituen hots melodikoengatik ezagun den xibarta balearekin, esaterako.
Kostatik urrunduta, ezponda itsastarreko uretan eta 200 eta 900 metro arteko sakoneran, izurde pilotuak (potzuak) bizi dira. Txibia handien ehiztari trebe, tarteka izurde grisak eta pilotu izurde tropikalak izaten dituzte bizilagun. Beherago, ozeano-fosaren sakonean, izaki abisalen harrapari iheskorrak, zifioak, ikustezin bihurtzen dira arrantzale eta nabigatzaileentzat. Ikusgarri berriz, katxaloteak “itsasoetako jaun handiak”. Gozo-gozo nabigatzen dira ur-zorrotada salatariez lurretik urrun behatzen ausartzen denari non dabiltzan adieraziz.