Geoformak

Hareharriaren hondar-aleak batzen dituen kaltzio karbonatoak disolbagarritasun handia du, eta ondorioz, euri-urak eta itsas-brisa hezeak erraz disolbatzen dute. Hala, hareharria hondar-ale txikitan barreiatzen da. Horrela sortu dira zulo eta koska handiak eguratsak edota itsasoko urak higadura handia eragiten duten hareharri estratuetan. Benetan ederrak diren testurak dira, geoforma izenekoak.

Lurrazaleko geoformak

Lurrazalean dauden arroken gainazalean ohikoak dira higadurak eragindako albeolo, hobi, sakonune eta forma subesferikoak. Disko eta erliebe positiboko zutabeak, sakonune txiki ugari eta erliebe positiboko kopa, kubeta eta xafla tankerakoak ere ikus daitezke higadurari hobeto eusten dioten arrokaren zatietan. Geoformok trinkoak izaten dira orokorrean. Leize eta harpeetakoak, aldiz, hauskor eta arinak dira, agerian dauden arrokek meteorizazio handiagoa jasaten dutelako.

Leize eta harpeetako geoformak

Hutsune babestuetako geoformak itxura askotakoak dira, ohikoenak erlauntz tankerako albeolo edota gelatxo modukoak. Kupula, zulo, tutu, arku edota arroka-zubiak ere badaude. Baina morfologia ikusgarrienak grabitatearen legeak hausten dituzten egiturak dira. Leizeen barnealdea bere egin dute hostopil, koral edota gortina kordatuen tankerako formek. Forma hauek, dirudienez, gelatxoak batzean sortzen dira: zuloak handitu egiten dira eta inguruko paretak urrundu. Era horretan, korapilatutako soka modukoak sortu dira, paretari oso puntu gutxitan atxikitzen zaizkionak.