Itsas hondo arrokadunak
Sakonera txikiko eremu arrokatsuetan Gelidium sesquipedale algak nabarmentzen dira. Hondoari kolore gorrixka ematen diote eta arrain espezie ugariren bizileku dira, hala nola, blenido, labrido, sargo edota salpenak. Alga gorri hauek aspalditik biltzen dira agar-agar preziatua lortzeko eta, era berean, itsas ekologiari buruzko ikerketetan ere erabili ohi dira, kalitatezko ur garbien bioadierazle direlako. Inguruabarra kolorez betetzen laguntzen dute bertan alga berde eta arre ugariek, zein itsas triku, itsas izar, anemona eta belakiek ere.
Hondo arrokatsuetan arrailak eta kobak edonon aurkitzen ditugu, animalia askoren babesleku, adibidez: moluskuak (olagarroak, maskor handiak, nudibrankioak, eta abar), krustazeoak (nekorak, otarrainak, abakandoak, txangurruak, lanpernak, eta abar) edota arrainak (panekak, labridoak, itsas kabrak, itsas aingirak, morenak, abadirak, ikaraioak, eta abar). Itsas azaleratik hurbil dauden koba eta arrailetan, espezie esziafiloak ikusteko aukera dugu, hala nola zenbait belaki, koral eta briozoo. Animali hauek ingurune ilunetara egokituta daude, eta normalean ur sakonagoen zale dira.