Hauskortasuna eta kontzientziazioa
Jaizkibel-Uliako ia elementu oro da hauskor, habitat zein espezie izan, lur, itsaso edo hareharrizko geoforma. Hauskortasun hori aintzat hartzea oinarrizko baldintza da gure ondarea bere horretan babestuko badugu. Horregatik, beharrezkoa da dagokien erakunde eta administrazioek elkarlan serio eta eraginkorra abian jartzea, eta norbanakoak eta gizartea kontzientziatzea. Alegia, gure garaiez garaiko ondarea dagokion errespetuz zaintzea.
Kontserbazioa, prebentzioa eta zuhurtzia lehentasun
Ondare naturalarekin lotutako Europako, Estatuko eta Autonomia mailako Lege eta Konbenioen oinarriek (Geodibertsitatearena, Itsasoko biodibertsitatearena, Paisaiarena…) ingurumenaren babesa dute lehentasun. Irizpide horiek beste ezein lurralde antolaketa edo azpiegitura planen (portu, hiri-lur, industria…) gainetik daude.
Natura 2000ren direktibek eta hainbat lege eta dekretuk ezartzen dutenez, ondare naturala kalte edo honda dezakeen ezein plan, programa edo proiekturen aurrean prebentzioa eta zuhurtzia beharrezkoak dira, baita gure ondare hori belaunaldi berriek jaso dezaten zaintzaz arduratzea.