Flyscha
Hareharrizko flyscha
Hareharriak zehatz aztertuz gero, ondo biribildutako eta kaltzio karbonatoak atxikitako kuartzo aleez osaturik daudela ikusiko dugu. Lodiera desberdinetako estratuetan banatzen dira; geruza batzuek zentimetro gutxiko loditasuna dute eta zenbait metrotakoa beste batzuek. Sarritan baina, hareharri estratuen artean marga edo tuparri izeneko material bigunagoak txertatzen dira. Bi arroka motaren alternantzia gutxi gorabehera erregularraren ondorioz eratutako egiturari ematen dio izena, beraz, flysch kontzeptuak, eta ez arroken jatorriari. Era honetan, hizpide ditugun formazioei Hareharrizko flysch ere deitzen zaie.
Arroken jatorri uherra
Estratu askotan agerian dago, zati batean edo osorik, Bouma izeneko sekuentzia. Hondar lodiez osatutako oinarri irregularra du hasieran, pixkanaka txikituz doana segidan zehar. Sekuentzia, korronte uher indartsuen eraginez sortzen da; izan ere, ur masa horiek material asko garraiatzen dute eta, hala, zorua higatu. Hortaz, itsaspeko emariek abiadura eta indarra galdu ahala, garraiatzen dituzten materialak barreiatzen dituzte, astunenak lehenik eta arinenak ondoren. Korronte-egiturak sortzen dira.