Geodivertsitatea
Lurraren historiaren liburu handia arroketan idatzia dago
Lurrak 4.600 milioi urte ditu gutxi gorabehera eta, urte guzti hauetan, arrokek jaso dute bere historia luzea. Euskal Kostaldeko FLYSCHaren itsaslabarrak mundu mailako erreferentzia geologikoa dira hargatik, historia horretako azken kapituluak irakur ditzakegulako bertan.
Liburu honetan lurraren azken 50 milioi urteetan murgildu eta geologiaren historian barrena bidaiatuko dugu. Zumaiatik abiatu eta Hondarribirantz joanda, Jaizkibel Egitura Geologiko delakoaren urpeko eta azaleko altxorrak topatuko ditugu. Eta Jaizkibelgo hareharrizko Flyschera iritsita, bertako estratuek gordetzen dituzten geodibertsitate eta biodibertsitate harrigarriez gozatua hartuko dugu.
Jaizkibel Formazioa, Hondarribitik Zumaiaraino
Jaizkibel mendiaren haitz azaleramenduek, Hondarribitik hasi eta Zumaiako Itzurun hondartzaraino hedatzen direnek, Gipuzkoako ia kostalde osoa hartzen duen unitate geologikoaren ekialdeko hegala osatzen dute. Hasiera batean, Higer-Getaria Formazioa izena eman zitzaion unitate horri, baina Jaizkibel Formazioa ere deitzen zaio. Azaleramenduetako arrokak ezaugarri desberdinetakoak izan badaitezke ere, orokorrean higadura handia jasan duten horixka koloreko hareharri sendozko geruzak dira.