Egiaztatuta geratu da klima-aldaketak eraldaketak dakartzala, eta, horrenbestez, esku-hartzeak bultzatu behar dira gure itsasertzetan, ondorio horiek txikiagotzeko. Gaur egun prozesuen abiadurari eta dimentsioei buruz ziurgabetasun handia badago ere, inork ez du zalantzan jartzen aldaketak emango direla; ebidentziak hortxe daude. Etorkizunerako prest egoteak eszenatoki guztiak aztertzea esan nahi du, eta ikuspegi sozioekonomikotik eta ingurumenaren ikuspegitik une bakoitzean zer erabaki hartu behar den baloratzea ere bai, inpaktuari egokitzeko eta hura txikiagotzeko neurriei dagokienez.
Helburu horretarako, Uhinak Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko Kongresuak bi jardunaldi egingo ditu Ficoban, eta nazioko eta nazioarteko adituek planteamendu aktibo batetik aztertuko dute zer jarduera burutu behar ditugun gure itsasertzak prestatzeko, Euskadikoa eta Akitaniakoa, klima aldaketak ziur aski datozen urteetan eragingo dituen efektuei aurre egiteko. Itsasertzaren kudeaketarako eta mantentze-lanetarako lankidetza-sinergiak eta -dinamikak mugaz haraindiko ikuspegi batetik sortzea da kongresuaren xedeetako bat.
Uhinak Kongresuaren xedeak
Klima-aldaketaren eta itsasertzaren kongresu honen xede nagusia inplikatuta dauden milaka agenteren artean klima-aldaketak itsasertzean duen inpaktuari buruzko ziurgabetasunei erantzuteko ibilbide-orria definitzea da. Horretarako, nahitaezkoa da etorkizuneko eszenatokiak simulatzea, aldaketara egokitzeko modu hobeak partekatzea, inpaktu-arriskuen mapak eta zaurgarritasun-adierazleak sortzea, eta neurri zuzentzaileak eta arrisku-planak zehaztea.
Kongresuak zalantzarik gabe xehetasun handiagoarekin azalduko du itsasertzeko ondasunek eta zerbitzuek zenbaterainoko kalteak jasan ditzaketen, eta egokitze-neurrien kostu sozioekonomikoa aztertu ere bai. Halaber, neurri zuzentzaileen azterketa sustatu behar du, eta haren eraginkortasuna eta inpaktua ebaluatu, bereziki interesezko habitatak, espezie zaurgarriak eta ekosistemak zaintzeari dagokienez.
Atlantikoko arkuaren euroeskualdean antolatuko den ekitaldi honek ez ditu egitarauaren gaiak maisutasunez ebatzi nahi; aldiz, hausnarketarako zenbait puntu eman nahi ditu, gai horietan inplikatuta dauden zenbait agenteri interesa dakiekeelako.
Klima-aldaketa jorratzeko lau multzo tematiko
Uhinak lau multzo tematikotan antolatu da, eta gai hauek jorratuko dira: Euskadiko eta Akitaniako itsasertzaren klima-aldaketaren erronkak, itsasertzaren erabileren efektuak eta egokitzapena, muturreko gertakarien inpaktua eta itsasertzeko esku-hartzeak, eta kudeaketan eta erabakiak hartzen laguntzeko tresnak.
Uhinak Kongresuan hogei hizlarik baino gehiagok parte hartuko dute, eta hain konplexua den gai bat jorratzeko beharrezkoak diren ikuspegi ezberdinak emango dituzte, jarduera-eremu horretan aritzen diren herri-administrazioetako kudeatzaileetatik hasita berrikuntzak zein datu zientifikoen zehaztasunak ematen dizkiguten ikuspegi zientifiko eta teknologikoraino; hori guztia aurrean ditugun erronkei irtenbideak emateko.