Paramoudra bitxiak
Jaizkibelgo hareharrian paramoudra izeneko egitura bitxien munduko kontzentrazio handi eta ugariena topatu dute. Esferiko edo biribilduak dira, eta 2 eta 3 metro bertikal eta 8 metro horizontal izan ditzakete. Egiturok zeharkatzen dituzten 5 milimetro inguruko hodixka izaten dute barrenean. Eta hark, inoiz, beste egitura txikiago bat bere barnean, espikula izenekoa. Masa hauek oso agerikoak izan ohi dira hareharri estratuetan, izan ere inguruko arrokak baino hobeto jasaten dute higadura.
Darabilgun hipotesiak dio sedimentazio garaian ornogabeek itsas hondoan galeriak zulatu zituztela. Zulaketa horiek sedimentua arroka bilakatu bitartean (diagenesia), urari bertatik zirkulatzen utzi zioten kanal bilakatu ziren. Urak, fluxu handietan, kuartzo-aleen disoluziotik sortutako silizea garraiatu zuen eta kanalaren inguruan barreiatu. Pixkanaka, silizio konkrezio edo nodulu handiak sortu ziren erdiko hodixkaren bueltan.