Geodibertsitatea Jaizkibel-Uliako KBEren babes helburuetatik at
“42/2007 Legeak geodibertsitatea ondare naturala dela ezarri zuen eta hura babestea administrazio publikoari dagokiola. Horretarako, kontserbazio neurriak hartu behar dituztela xedatu zuen, geodibertsitatearen egoera zein den jakiteko erremintak eskuratuz. Eusko Jaurlaritzak baina, ez ditu oraindik erreminta horiek baliatu. Hala, geodibertsitatea Jaizkibel-Ulia KBEaren helburu eta neurrietatik kanpora dago, egun”.
Interes geologikoko puntua (IGP)
Tanbo, Grankanto, Galea eta Azabaratza inguruetan interes zientifiko eta kulturala duten puntu eta gune aniztasun handia dago. Hauek dituzte ezaugarri geologiko behinenak: chevron motako tolesdurak eta turbidita estratu handiak dituzten itsaslabarrak, flysch basalaren azaleratzeak, marearteko arrezife edo uharriak, Azabaratzako hareatzak, higaduren ondoriozko geoformak, paramoudrak, Akarregiko arroila, iknofosilak, etab. Aniztasun horrengatik, duten itsasoko eta lurreko geodibertsitate oparoagatik, uste dugu inguru horiek IGP gisa zerrendatu eta babestuta egon behar luketela. Egun, osatzen duten area ez dago Eusko Jaurlaritzaren IGPen zerrendan.